Lauaxeta eta Lorcaren "Ele" antzezlana, abenduaren 6an Szenatokian

Hilabete bi baino gehiago falta da Durangoko Azokako 52. edizioa heltzeko –aurten abenduaren 6tik 10era antolatuko da–, eta Azokako guneak hasi dira jada apurka-apurka beren egitarauak osatzen –proposamenak bidaltzeko epea urriaren 4tik 31ra arte izango da–.

Urtero legez, Szenatokian arte eszenikoen eskaintza zabala topatuko dugu. Azokako lehenengo eguna indartsu hasiko dute, ikuskizun berezi batekin. Abenduaren 6an azokazaleek Ele! antzezlanaz gozatu ahal izango dute, 18:00etatik aurrera. Josu Kamararen zuzendaritza eta Jon Maiaren gidoia duen lan honek Lauaxeta eta Lorca ditu hizpide: biak izan ziren idazle eta poeta ikoniko, bakoitza bere herrian, bere kulturan.

Baina biek hainbat ezaugarri izan zituzten amankomunean: biak modu beretsuan hil ziren, biak urte beteko aldean fusilatuak izan zirelako diktaduraren hastapenetan.

Bata, Andaluziako lurretan jaiotako poeta errepublikarra izan zen; bestea, Euskal Herrian jaiotako poeta abertzalea. Bi muturretako ertzak badirudite ere, inork gutxi daki bien bizitza gurutzatu egin zela.

Ele! antzezlanaren haria poeta bien olerkiek osatzen dute. Hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabiliz, hain desberdinak ei diren kulturak eta herriak elkartuko dituzte. Memoria historikoaren ur sakonetan barrena, aniztasunaz eta artearen giza-baloreez ari da Ele!, poeta bi horiek iraganetik orainaldira ekarriaz.

Emanaldia San Agustin Kulturgunean izango da, 18:00etatik. Antzezlanaren iraupena 90 minutukoa da. Sarrerak dagoeneko eros daitezke, 10 euroan (7'5 euro bazkideentzat).

Fitxa artistikoa:

Gidoia: Jon Maia

Aktorea, dantza eta abeslaria: Ana Salazar

Aktorea eta narratzailea: Jon Maia

Dantzariak: Angela Carbajo de Lera, Arkaitz Pascuas

Zuzeneko musika: Gorka Hermosa, Jesus Prieto "Pitti"

Zuzendaritza: Josu Kamara

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT

K2_MEDIA