Abenduaren 4tik 8ra arte antolatuko da aurten Durangoko Azoka, eta, beste urte batez, euskal kulturaren plaza bihurtuko da. Landako barruan hamaika stand izateaz gain, Durangoko Azokaren baitan ere hamaika jarduera eta ikuskizun antolatuko dira, hainbat gune ezberdinetan: literatur solasaldiak, film-emanaldiak, kontzertuak, tailerrak, aurkezpenak...

Szenatokia gunean, berbarako, arte eszenikoekin lotutako ikuskizunak antolatuko dira, San Agustin Kulturgunean. Azoka heltzeko ia hilabete bi falta diren arren, Szenatokiko egitaraua ia-ia itxita dute bertako arduradunek.

Abenduaren 7an 20:00etan, adibidez, "Eskutitzak" izeneko antzezlana izango dugu gozagai. Izaskun Arandia eta Itziar Elias dira lan honen sortzaileak, eta Eliasen familiaren historian oinarritu dute kontakizuna.

Antzezlan honen nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko asmoz, Itziar Eliasekin elkartu gara. Lanaren sortzailea izateaz gain, obra honetan aktore lanak ere egiten ditu, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengoetxea, Olatz Beobide eta Aiora Sedanogaz batera.

Elias, gainera, hainbat urtez Szenatokia guneko arduraduna ere izan da, eta, beraz, ederto ezagutzen du Durangoko Azoka.

1.- "Eskutitzak" zure familiaren historian oinarritutako antzezlana da, ezta? Zer kontatzen duzue bertan?

eskutitzak

Bai, etxeko istorioan oinarritzen da, baina fikziotik ere asko du. 1936. urtean kokatzen da antzezlana eta maitasun istorio bat kontatzen dugu, maitasun debekatu bat, frankista aberats baten alaba nola ondoko herriko postari gorri sutsuaren semearekin maitemintzen den eta oztopoz betetako bideari nola egiten dioten aurre.

2.- Fikziotik ere asko duela komentatu duzu...

Etxean topatu nituen eskutitz batzuk dira ideiaren abiapuntua, baina sormen lan handia dago atzetik. Hasiera batean Izaskun eta nik zinera bideratu genuen istorioa, eta ondoren antzerkira moldatu dugu. Hasierako zineko kutsua ez dugu ahaztu izan nahi eta abiapuntu horrek egiten du ezberdin eta era berean interesgarri. Izaskun zine mundutik dator eta ni antzerkitik, beraz, bion ikuspuntuak batzen dituen elkarlana dela esango nuke.

3.- Nolakoa izan da dokumentazio prozesua? Betidanik ezagutu duzun istorioa da, edo orain deskubritu duzu?

Esan bezala eskutitz batzuetan oinarritzen da istorioa, aiton-amonak hil ostean topaturiko eskutitzak izan ziren, eta ez, ez nuen beraien bizipenen berririk, beraz aiton-amonak bi gazte maitemindu bezala ezagutzeko aukera paregabea izan da. Baina dokumentazioa hau baino zabalagoa izan da; udaleko artxiboak, ahotsak.com web orria… Nolabait geu ere garai hartan kokatu behar izan gara, pertsonaiak hobeto ulertzeko.

4.- Dokumentazio prozesu horretan, beraz, gozatzeko aukera izan duzu...

Bai asko gozatu dut, 80 urtetan asko aldatu gara eta ez bakarrik materialean, familien eta herritarren arteko  harremanak oso ezberdinak ziren, eta gazteen harremanak zer esanik ez. Gauza gogorrak entzun eta irakurri behar izan ditugu bidean eta askotan ez dira errazak izan ulertzeko, baina ederra izan da guzti hau jaso izana.

Dokumentazio prozesuak ahozko transmisioaren garrantziaren jabetzaz ohartarazi nau. Zenbat aldiz pentsatu ote dut bidean, ze pena beraiek hemen ez izatea galderak egiteko.

5.- Nola uztartuko duzue antzerkia eta zinea?

Oholtza gainean kontatzen dena Emiliak bizi duena da eta hau sei aktorek egingo dugu, baina badira Emiliak bizi ez dituen pasarteak eta berarengan eragin zuzena izango dutena. Hau guztia pantaila bitartez ikusiko dugu aurrez grabatuta dauden irudiekin jolastuz.

6.- Zelan animatuko zenituzke Durangoko Azokako bisitariak antzezlana ikustera joan daitezen?

Galdera bat egingo nieke: galdetu diozu zure aiton edo amonari 1936. urtean non zegoen, zer egiten zuen, nola bizi zen? Denok ditugu istorioak etxean, istorio sekretuak oraindik ere etxe askotan eta ez badugu galdetzen eta ez badute kontatzen, beraiekin eramango dituzte istorio horiek. Nik nire istorioa kontatu nahi dut, nire etxetik abiatzen dena eta beste hainbat etxetakoak batzen dituena. Gerra zibilaren 80.urteurrena datorkigu eta orain gure aiton-amonak direnak garai hartako gazteak izan ziren, bizi izan zutenari eta borroka egin behar izan zutenaren omenaldi xume bat da. Memoriaren etsaia ez baita denbora, isiltasuna baizik.

FITXA ARTISTIKOA

Sortzaileak: Itziar Elias eta Izaskun Arandia

Zuzendaritza: Izaskun Arandia

Aktoreak: Itziar Elias, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengotxea, Olatz Beobide eta Aiora Sedano

Aktore parte-hartzaileak: Klara Badiola, Iñaki Beraetxe eta Lander Otaola

Argi Diseinua: Inge Arrue eta Pako Revueltas

Teknikaria: Inge Arrue

Jantziak: Xanti Alkorta

Kartela: Mai Design

Banaketa: Izar Films

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT